top of page

TRIANO MENDIAK: Peña Pastores eta Peña sanjuan tontorrak eta El Sauco eta Urallaga Mehategi-kobazuloak

2024-01-28

Euskal Herrian Burdinaren ustiapena ezaguna eta geografikoki orokortua izan da mendeetan zehar baina leku bat baldin badago benetan aipagarria, non burdin-meatzaritzak erabat eraldatu zituen, bai paisaia, bai gizartea, eta baita ingurugiroa ere, Meatzaldea da hori. Eta meatzaldean gune bat nabarmentzen bada, zalantzarik gabe hori Triano mendigunea da. Benetan gune harrigarria!

Trianoko mendiak  Ingurune karstiko zoragarri bezain berezi  bat osatzen dute mendeetan zehar natur eta giza ekintzak eragindako eraldaketa sakonagatik. ETZANDARRIkoek  gaur ingurune paregabeko honen bi tontor, eta bi mehategi-kobazulo ezagutuko ditugu. Hau da,  Lehendabizi, Lurrari egindako arrakalen gainetik ibiliko gara eta gero lurraren erraietan sartuko gara. Gaur gainera 2024ko denboraldiari hasiera ematen diogu eta egutegiko lehenengo ibilbidea da hau eta Indartsu hasi gara benetan, talde handia elkartu baigara ARMINTZAKO bus geltokian 

Ibilbidea Peñas Negras Ekoetxean hasi gara.  Haraino heltzeko lehendabizi  La Arboleda herrira joan gara eta handik seinaleak jarraituz mendiko errepide estu batetik Ekoetxeko aparkalekura iritsi gara. Aparkalekua ez da handia eta apur bat berandu heldu garenez komediak izan ditugu  aparkatzeko errepide bazterretan. 

 " Goialdeko ustiategiak" izeneko  eta 4 zenbakiarekin zenbatutako ibilbidea izango da momentu oro gure referentzia eta ibilbide hau  bereizten duten marka moreek jarraituz hasi gara ibilbidea.  Hain zuzen, ibilbideari buruzko informazioa ematen duen panel baten ondotik abiatu gara. Igoera malkartsu baina labur bat igo ostean, segituan pista zabal bat zeharkatu dugu eta parean agertu zaigun  bidezidorretik zuzen jarraitu dugu, zigi zaga eginez  beste pista batera irten arte. Berotzeko apur bat ez da egon txarto. Pista honetan mendebalderantz egin dugu eta aize apur bat hartzeko aprobetxatu dugu, hemendik Peña Pastoreseko iparmendebaldeko mendileporaino iritsi arte aldapa asko leundu delako.   

Han Marka moreak jarraitzeari utzi diogu eta  eskerrera eginez,  zelaitik gora, bakoitzak bere ritmoa aldapara egokituz, zuzen, tontorrerantz abiatu gara. Eremu irekia da eta ez dago galtzerik. Tontorra bistan dago eta hurbilu ahala buzoia ere ikusten dugu. kareharrizko tontor bat da ipar isurialderantz malkartsua. Jausia ez da handia baina kontuz ibili behar da.  Peña Pastoresen gaude, 673 metro. Mendebalderantz  Peña San juan  ikusten dugu eta haren magaletan " El Sauco" eta "La Dolores" Mehategiak . Hegoaldera  Eskatxabel bailara txikia eta izen bereko urmaela. Ekialderantz, aipatutako bailara ixten,   Pico Mayor, Pico Menor eta Ganeran osatzen duten  mendilerroa daukagu eta iparraldera kantauri itxasoa  eta Abra osoa. 2 km ere ez ditugu egin eta gure lehengo tontorra ospatzen ari gara. Ez dago txarto.

 

Gure aurrean, Peña SanJuan erreferentzia hartuta, Mendebaldeko magaletik jeitsi dugu, Ez dago bidezidor definiturik eta  mendiko larretatik, gure kasa, gailurra egiteko utzi dugun  ibilbide balizatura  itzuli gara.  Ez dugu luzean ibilbidean jarraitu baina, berehala, berriz utzi dugulako eta eskubira eginda, apur bat gorago ikusten dugun beste pista batera pasatu gara.

 

Metro gutxitara  pista honek eskumara, iparralderantz, egin  du baina gu zuzen jarraitu dugu, bihurgune horretatik  mendebalderantz abiatzen den  pista  jarraituz. Pista honek berehala ezkerrera egiten du  eta metro gutxi batzuk geroago eskumarantz.  Guk Puntu hortan utzi eta larretatik gora zuzen jarraitu dugu, zigi-zaga, norberak norberaren bidea eginez  tontorreraino.  Peña San Juan. 669 metro. 3 km eskas egin ditugu eta gure bigarren gailurrean gaude.  Enkarterriko bista itzelak ditugu.  Sopuerta eta Galdames herriak  gordetzen dituzten bailarak zabaltzen dira gure azpian baina zerbaitek berezia egiten badu mendi hau zera da: Mendia bi zatitan zatitzen duen  "Dolores" mehategiko arrakala beldurgarria.  Buzoitik metro gutxira pitzadura sakon batek gailurra  bi zatitan zatitzen du. Ikusgarria bezain arriskutsua da. Beraz kontuz.

Gailurraz gozatu ostean igotako larretatik bera egin dugu berriz balizatutako ibilbidearekin bat egitera. Larreak amaitzerakoan ganaduak zuhaizken artean zabaldutako bidezidor bat topatu dugu eta hura jarraituz  El sauco iturrira heldu gara  ibilbidearekin bat eginez. Oso polita da iturri hau eta bertan hamaiketako txiki bat egin dugu bertako ur zoragarria dastatuz.

Hamaiketako ostean marka moreak jarraituz , pista zabal batetik " El sauco" mehategira heldu gara, Mehatzarien etxeen aztarna batzuk pasa ostean  harraska zoragarri bat topatu dugu.  Harraska horretan garbitzen zuten  antzina erropa mehatzarien emazteek,  animalien koipeaz egindako xaboiarekin. 

Harraskaren atzean mehategirako sarbidetako bat agerian dago eta  zalantza izpirik izan gabe motxilak kendu eta frontalak jantzi ditugu. Denok prest egon garenean harrapalean mehategira sartu gara urduritasun puntu batekin baina  metro batzuk egin ostean  meatzari beteranoak izango bagina moduan moldatu gara.  Ehun bat metro errez egin ahal izan dugu makurtu barik. Ostean galeria txikitzen da eta makurturik jarraitu dugu pixka bat gehiago baina halako batean argia somatu dugu eta argirantz egin dugu.  A ze sorpresa!  zerura zabaltzen den arrakala erraldoi batera heldu gara. Aho bete hortzekin gelditu gara.  Urak eta higadurak zilkatutako formak zoragarriak dira eta argiak eta ilunak sortzen dituzten irudiak ikaragarriak. Une magiko hori leku magiko horretan, lurraren erraietan, zoragarria izan da. Luze jarraituko genukeen han. baina ibilbidearekin jarraitu behar dugu.  Aurrera egin ezinik, horrek beste  espeleologia maila beharko lukelako, atzera egitea tokatu zaigu. Irten gara bada mehategitik eta eguzkiak  harrera goxoa egin digu.

Frontala  gorde, motxilalk bizkarrean hartu eta bizitako emozioak ezabatu ezinik  gure hurrengo helmugara abiatu gara, Urallaga kobazulo-mehategia da. Magdalena izenarekin ere ezaguna da kobazulo hau bere sarreran Magdalena baseliza gordetzen duelako. Beraz, "El sauco"  atzean utzi eta Urallaga eta La Magdalena meatze konpainiaren bulego eraikinen aztarnen ondotik pasa eta gutxira informazio panel batera heldu gara. Han ezkerrera Magdalena kobazulorantz hartu dugu eta berehala "Katilua" izeneko behatokira iritsi gara.

 

Hortik aurrera, ondo markatutako bidezidor batetik dena  beruntz da Urallaga kobazulora arte.  Gutxi gora behera  800 metro izango dira eta aldapa nahiko malkartsua. Bidezidor hau Galdamesera jeisten da baina kobazulorako saihesbidea ondo seinalizatuta dago. ez dago galtzerik. kobazulora iritsi baino 100metro lehenago bidezidorra asko estutzen da beraz kontuz ibili behar da, baina  ez dauka arazo berezirik.

Haitzulo aparta da Urlallaga hau, Historia aurrean jadanik gizakia bertan  bizi omen zen eta bertan ere Madalena erreka jaiotzen da. Sarrera benetan ederra dauka  33x19 metrokoa eta barruan, XVII. mendetik, Madalena Andra Mari baseliza dago.  Bera da La Arboledako zaindaria eta uztailaren 22an bere omenez erromeri bat ospatzen da bertan.  Beraz aukera izanda ez dago data hoberik ibilbide hau egiteko. 

Kobazulo hau  XIX mendearen amaieran Pepita izeneko meatzearen zati bat izatera pasa zen eta horregatik gaur kobazulo baino gehiago mehategi baten galeriak ikusiko ditugu. Gune harrigarri bat da benetan.  Zer esanik ez "El Sauco"n bezala motxilak utzi, Frontalak jantzi eta orain ere inongo zalantza izpirik izan gabe barrurantz sartzen gaituen planu inklinatutik abiatu gara.  Hemen " El saucon " baino askoz metro gehiago egin ahal izan ditugu eta asko disfrutatu dugu iluntasunaz eta ixilitasunaz eta batez ere gure frontaleko argiek paretetan deskubritzen dituzten formak  eta koloreekin. Aurrera jarraitzeko zailtasunak hasi direnean badaezpada buelta egin eta poz-pozik kanpora irten gara.  Bazkaltzeko ordua da eta hemen ere eguzkiak  harrera ezin hobea egin digu. Goxo-goxo hartu gaitu.

Bazkaldu ostean eta gure gaztetxoek jolastu eta gero berriz martxan gara eta  bajatu garen bidetik berriz Katiluko behatokira igotzea tokatu zaigu. Aldapa gogorra da eta dena eman dugu haraino heltzeko jakinda handik aurrera aldapa asko bigunduko dela.  

Katilutik  ibilbide balizatura itzuli gara eta eskumara egin dugu Eskatxabel bailaratxoa inguratuz. 700bat metro eginda Eskatxabelgo osinaren gainera hedu gara eta han ibilbide balizatua bi aukera ematen dizkigu. Bat luzea eta beste bat laburra. Guk ezkerrera eginda laburra aukeratu dugu, Peña Ubietarantz. Norabide horretan 300 metro egin ostean beste mehategiko arrakala haundi  batera helduko gara eta hemen pitzaduren barrena eskumara hartuko dugu beruntz Peña ubieta gure ezkerrera utzita. Segiduan haitzean zulatutako arku polit batetik igaroko gara eta mehategi inguru txiki harrigarri hau atzean utziko dugu zelai eta larre gune batera iritziz.

Zelaiak atzean utziz pinudi batean sartu gara beti baliza moreak jarraituz.  Bideak  gorantz egiten du baina oso aldapa erosoa da eta horrela kontu kontari eta jolasean berehala heldu gara La Breña mendilepora. Pista batzuk zeharkatzen dute eta  Norabide posteak eta informazioa gune zabal bat dago bertan.  Guk zuzenean Peñas negras ekoetxera jeisten den  pista zabala hartu dugu eta lasai lasai. azken kilometro eta erdi berriketan egin dugu kotxeetara heldu arte.

Beste behin egun zoragarri pasa dugu eta etxe ondoko mendigune benetan berezia deskubritu dugu

 

  

​​​​​

  

20220206_122158.jpg
20220205_090509.jpg
20220206_132739.jpg
20220206_105347.jpg
20220204_154322.jpg
20220204_154136.jpg
bottom of page