top of page

Armintza -Bakio zeharkaldia

2022-02-06

Gaur Armintzatik Bakiora joan gara. Horretarako, aurretik, kotxe batzuk eraman behar izan ditugu Bakiora. Eguraldi ona aurreikusita dago baina hotza egiten du, lainotuta dago eta ez du ematen  altxatuko duenik. Hala ere, euririk behintzat ez duela egingo baieztatuta omen dago. Eta horrela izanda: Euririk ez du egin.

Gaurko ere Xendazaletasun ibilbide bat prestatu dugu, zailtasun aldetik ertaina moduan sailkatu duguna,  batez ere, distantziagatik baina baita bidezidorrak zati batzuetan daukaten zailtasunagatik ere.

Kudrillatxo bat elkartu gara gaur ere, Ondo!, eta puntualak hasi gara zeharkaldia Armintzakalden, 10:00etan hain zuzen ere.

Lehenengo helmuga  "Atxabais" da, Atxebagi mapetan. Beraz, tipi-tapa, Armintzakalde atzean utzi dugu Bakioko errepidetik. Segituan baina,  ezkerretara irtetzen den lehenengo pistatik abiatu gara eukaliptu landaketa baten barrenetik, errepidea utziz, gure asmoa baita   errepidera ahalik eta gutxien irtetzea.   

Bidea  kartel eta marka berde batzuegaz seinalizatu genuen bere garaian eta oraindik hor daude ikusgai eta errez jarrai daiteke. Horretaz gain, bere garaian zabaldutako bidezidorra ere, momentuz, mantentzen da. Beraz, arazo barik Atxabaisera heldu gara.  Atxebagitik Atxausi puntara joan gara gero eta handik, Eguzkibasotik barrena,  Anparrantxi goi-lautadara heldu gara.  Kanpokoarri eta Anparrantxiren arteko zeharkaldia ikaragarria da. Zenbat eta gehiago egin orduan eta ikusgarriago iruditzen zaigu.

Anparrantxitik, Gortetako azpiestazio zaharraren atzetik,  Momategi errekazulora  doan pista bat hartu dugu. Aurrerago, Momategi baserriko orma zaharren aztarnen ondotik  pasatu gara ia konturatu gabe. Garai batean zelai eta larre bikainek osatzen zuten inguru hau Eucaliptuz estalita dago gaur egun. Hala ere, oraindik, arte zahar eta eder batzuk ikus daitezke han-hemenka.  

Momategi errekazulotik Merdeka errekak zabaldutako haranara pasatu gara gero eta erreka igaro ostean,  gereziondo eta beste hostozabalen landaketa  bat zeharkatuz, Martxaga auzora igo gara.

Martxaga auzoan  zerbait jan eta Martxaga eta ikatxa baserrien gainbehera mingarria baieztatu ondoren Urbieta urtegira bajatu gara, beti ere, marka berdeak jarraituz.  Urbieta urtegia inguratzeko  Artadiko errekatik gora abiatu gara  eta behin erreka zeharkatuta  urtegia inguratu dugu, zati batean errepidetik joanda. 

Marka berdeak jarraituz, errepidea berriz utzi eta Urbietalderantz  abiatu gara. Han, berriz itsasoa eta itsaslabarrekin egin dugu topo eta han galdutako tuneleen ibilbidea hartu dugu. Uredariona presatik Urbieta urtegira ura ekartzeko bere garaian eraiki ziren hiru  tunel  harrigarriak zeharkatuz, Uredariona presara heldu gara,Portume-aldea atzean utzita.

Uredariona  presa zeharkatu eta Bakion sartu gara baina aurrera jarraitu aurretik, Artolaerreka , Sardinerreka eta Jatako Urritza erreken arroil eskutuak bisitatu ditugu. Benetan zoragarriak dira. Argazki batzuk atera eta  presatik Armintza-Bakio errepidera doan pista hartu dugu eta errepidera igo gara. Arrastraculo inguruko begiratokira, hain zuzen ere. 

Begiratokian atseden txiki bat hartu ondoren  Bakioko norabidea hartu dugu eta  300-400 bat metro errepidetik egin ondoren,GR-280 Uribeko itzuliarekin egin dugu topo. Hemendik, jada,  bideak ez dauka arazorik  eta GR-a jarraituz, Bakioko portura heldu gara, 14:30etan inguru.

Oharra : Ibilbidea luzetxoa da eta ez da erreza.   

​​​​​

  

20220206_122158.jpg
20220205_090509.jpg
20220206_132739.jpg
20220206_105347.jpg
20220204_154322.jpg
20220204_154136.jpg
bottom of page