top of page

Errigoitiko mendiak: Maiaga (403m), Errimendi (394m) eta Bizkaigane (387m).

2022-01-23

Gaur Errigoitira joan gara, beraz, bidaia laburra izan dugu. Hotza handia egiten du, Armintzan bertan, 0º azpitik gaude, baina eguraldi zoragarria edukiko dugula antzematen da. 2022 urteko denboraldia hasteko, Xendazaletasun ibilbide bat prestatu dugu. Aurtengo berritasun bat da. Ibilbideak bi kategorietan bereiztu ditugu; ibilbideak Xendazaletasuna edo mendizaletasuna lez sailkatuko ditugu ibilbidearen ezaugarrien arabera eta kategoria bakoitzean hiru zailtasun maila egongo dira: Erreza, ertaina eta zaila. Gaurko ibilbidea xendazaletasun erreza moduan sailkatu dugu.

Beste berritasun bat ere badago. Orain arte ume eta gaztetxoentzako mendi talde bat baginen, hemendik aurrera ez da egongo adin mugarik eta edonor etor daiteke gure irteeretara, beti ere, Euskaraz aritzeko konpromisoa hartuta.

​Egia esateko, 2022ko lehenengo irteera honetan, ez dugu aldaketa handirik igarri, betikoak elkartu baikara baina mendian bezala, poliki-poliki urrun joatea espero dugu. Gu urtero bezala oso animatuta gaude.

Errigoitiko Urian kotxea utzi eta martxan jarri gara. Lehenengo Elexaldera joan gara eta idibaltzagako Andra Marin egin dugu lehenengo parada. Meza  ordua denez aukera izan dugu  paregabeko eliza hau bisitatzeko.  Zoragarria benetan. Metro gutxi batzuetara  San Antonioren Gurutze-toki barrokoa dago eta haren albotik abiatzen gara gure bigarren helmugarantz. 

Gure bigarren helmuga Madalen auzoa da, bertan, iturri bat dago baserri benetan dotore batzuen aurrean. Gaur egun, honetako bat nekazal-ostatu bat da eta kuxkuxeatzera hurbildu gara.  Toki zoragarria da Madalen ere bai.

Kantinplorak bete ondoren, Madalen atzean  utzi eta Maiaga mendirantz abiatzen gara.  Hemen daukagu eguneko igoera luzeena baina inor ez dadila beldurtu, oso leun eta atsegina da.  Bidea, zigi-zaga, baso mixto baten barrenetik doa. egia esateko nahiko polita eta txukuna dago. Gainera, Orkatz lotsagabe batek  igoera alaitu gaitu.  Ziragarria da beti, animali basatiak ikustea. 

Maiagaren gailurrean (403m)  hamaiketakoa egin ostean, eguneko bigarren gailurrerantz abiatu gara,  Errimendi (394m). Horretarako ipar-ekialderantz bajatzen den bidezidorra hartu dugu hasiera batean baina segidan  mendebalderantz hartu dugu, gas-hodiaren gaineko bidea jarraituz eta Maiaga eta Errimendi bereizten duen mendilepora bajatu gara.

Bertan bi baserri daude eta haien  artean pasatzen den pista  hartu dugu  eta gorantz egin dugu. Pista hau Errimendiko gailurretik 100 metro eskasera utzi dugu eta zelai baten bazterretik gailurrera heldu gara. Gailurra itxitura baten barruan dago eta bertan behi batzuk baino ez ditugu aurkitu. Ez buzoirik, ezta aztarnarik ere baina oso mendi polita da eta badauka bere panoramika interesgarria.

Gurekin datorren hamalau urteko mendizale batek,  Olatz Alberdi Gaztañagak, Hain zuzen,  bere 300 mendia osatu du tontor honetan. Zorionak Olatz!
​Segidan, kriston pinuak dituen pinudi batetik jaitsi gara, zallobantetik Baraia auzora doan bidera eta handik Zallobante auzora joan gara. Zallobanten, San Lorenzo eliza aurreko jolas-parkean atsedenalditxo bat egin ondoren, Bizkaigane auzorantz abiatu gara, harantz doan errepidea hartuta.  Ibilbide zati hau errepidetik egin behar da baina apenas pasatu dira bi edo hiru kotxe eta benetan ibilaldi lasaia eta atsegina izan da. Zelai eta zeru infinitoaz inguratuta, panoramika zabal eta zoragarri batekin,  behien artean, suabe-suabe  gorantz egiten du errepidea eta konturatu barik Bizkaigane auzora heldu gara. 

Behin Bizkaigane auzora helduta, Santikurutze baselizara igotzen diren eskailerak igo eta Bizkaigane tontorrera heldu gara bertan baitago Santikurutze bazeliza. Bistak ikaragarriak dira, eta eguraldia zoragarria, beraz, bertan bazkaldu dugu eguzkiaz eta bistaz gozatzen. 

Eguzkia indarra galtzen ari dela igarri dugunean kanpamentua altxatu eta itzulera hasi gara. Lehengo errepidetik Zallobantera itzuli gara baina zallobante pasa baino lehen, Zabale auzora doan errepidea hartu dugu eta hara jaitsi gara. Errepidetxo hau ere oso lasaia eta atsegina da. Kotxe bat ere ez da pasatu. 

Zabale auzora  helduta, errepidea amaitzen den tokian, Baserri dotore baten ondotik,  bide bat irtetzen da eskumara. Bide Hori hartu dugu eta zelaien artean hasieran, eta baso-landaketa berrien artean gero, Zabalerrekara bajatu gara.
Behin errekara helduta, uraren norabidea jarraituz,  erreka ertzeko galeria baso txiki bat zeharkatu dugu eta  Mungia-Gernika errepidera irten gara, bihurgune batean, Errigoitiko Uritik 300 metro eskasera.  

Errepidetik Urira joan gara eta beste ezer baino lehenago tabernara joan gara. Han, eguzkitan jezarrita, kafeak eta freskagarriak  artean amaitu dugu gure 2020ko lehenengo irteera hau. 

Beti bezala, bikain irten da dena eta asko gozatu dugu. Hemen daukazue argazki batzuk.​​​​​

  

20220123_114618.jpg
20220123_120738.jpg
20220123_134925.jpg
20220123_135128.jpg
20220123_144238.jpg
20220123_145411.jpg
bottom of page